Omitir los comandos de cinta
Saltar al contenido principal
DESACTIVAR CARROUSELES

Toki-autonomiaren defentsako gatazkak

Descargar PDF
Inprimatu
 

 

Apirilaren 21eko Lege Organikoaren bitartez sortu da toki-autonomiaren defentsako gatazka, eta, haren bidez, toki-erakundeek, ezarritako legitimazio-baldintzetan, hauek aurkara ditzakete: Konstituzioak bermaturiko toki-autonomia urratzen duten Estatuaren edo autonomia-erkidegoen legeak edo lege-mailako xedapenak.

Toki-autonomiaren defentsan gatazkak sustatzeko legitimaturik dago legearen edo lege-mailako arauaren xedeko bakar den udalerria edo probintzia. Legeek xedeko edo hartzaile bakarra ez badute, hauek daude gatazka sustatzeko legitimaturik: alde batetik, udalerri multzo bat, gutxienez legearen edo lege-mailako xedapenaren aplikazio-eremuko lurraldean diren udalerrien zazpirenak osatua, eta gutxienez lurralde-eremu horretako biztanleria ofizialaren seirena hartzen duena; bestetik, probintzia multzo bat, gutxienez lege-mailako xedapenaren aplikazio-eremuko lurraldean diren probintzien erdiek osatua, eta gutxienez biztanleria ofizialaren erdia hartzen duena. Gainera, Kanarietako Autonomia Erkidegoko lege-xedapenen aurkarapenari dagokienez, legitimaturik egongo dira Kanarietako hiru kabildo, eta Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoaren kasuan, bi uharte-kontseilu, nahiz eta, bi kasuetan, udalerrietarako galdatzen den biztanleen ehunekoa iritsi ez. Legearen aplikazio-eremuak Euskal Autonomia Erkidegoari zuzenean eragiten dionean, legitimaturik egongo dira, baita ere, lurralde historiko bakoitzeko Batzar Nagusiak eta lurralde foru-diputazioa.

Toki-autonomiaren defentsako gatazkak izapidetzen hasteko, toki-korporazioen osoko bilkurek hartu beharko dute erabakia, legezko korporaziokide-kopuruaren gehiengo absolutuaren aldeko botoarekin. Akordio hori erdietsiz gero, sustatzaileek, gatazka Konstituzio Auzitegiaren aurrean formalizatu aurretik, nahitaezko irizpen loteslea eskatu beharko diote, hiru hilabeteko epean legea edo lege-mailako araua onartzen denetik, Estatu Kontseiluari edo autonomia-erkidegoaren kontsulta- organoari, toki-korporazioen lurralde-eremua zein den: autonomia-erkidego batzuetakoa ala autonomia-erkidego batekoa. Irizpena jaso ondorengo hilabetean, subjektu legitimatuek gatazka planteatu ahal izango dute Konstituzio Auzitegiaren aurrean.

Auzitegiak, auto ziodun baten bidez, gatazka ez onartzea erabaki ahal izango du, subjektu sustatzaileen legitimazioa edo beste betekizun galdagarri eta ezin zuzenduzko batzuk falta direnean, edo sorturiko eztabaida nabarmenki oinarririk gabea denean.

Gatazka izapidetzeko onartuz gero, Konstituzio Auzitegiak, hamar egunen buruan, legea edo lege-mailako araua eman duen autonomia-erkidegoaren legegintza-organoari eta organo exekutiboari helaraziko die, prozeduran pertsonatu eta alegazioak egin ditzaten hogei eguneko epean. Dagokion aldizkari ofizialean argitaratuko da gatazka planteatu delako berria.

Konstituzioak bermaturiko toki-autonomia urratu den ala ez deklaratu behar du gatazka ebazten duen epaiak, eta eskumen edo eskudantzia eztabaidatuaren titulartasuna edo atribuzioa zeinek duen zehaztuko; toki-autonomia urratuz sorturiko egitatezko edo zuzenbidezko egoerei buruz, dagokiona ebatziko du epaiak.

Toki-autonomiaren defentsako gatazkarako bide eman duen legea edo lege-mailako araua Konstituzioaren kontrakoa dela deklaratzeko, hala badagokio, beste epai bat eman beharko du auzitegiak, baldin eta Osoko Bilkurak arazoa planteatzea erabakitzen badu, Konstituzioak babesten duen toki-autonomia urratu dela deklaratuz gatazka ebatzi ondoren. Prozesu berri hori konstituzio-kontrakotasuneko arazoarentzat aurreikusitako prozeduraz bideratuko da.