Omitir los comandos de cinta
Saltar al contenido principal
DESACTIVAR CARROUSELES

Konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsoa

Descargar PDF
Inprimatu
 

 

Konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsoa prozesu konstituzional bat da, zeinaren bitartez Konstituzio Auzitegiak Konstituzioaren nagusigoa bermatu eta hau juzgatzen baitu: Estatuaren eta autonomia-erkidegoen legeak eta lege-indarreko arau-xedapenak eta egintzak Konstituzioaren araberakoak diren ala ez.

Konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsoaren xede izan daitezke:

  • a) Autonomia-estatutuak eta gainerako lege organikoak;
  • b) Estatuaren gainerako lege eta lege-indarreko arau-xedapen eta egintzak;
  • c) Nazioarteko tratatuak;
  • d) Diputatuen Kongresuaren, Senatuaren eta Gorte Nagusien erregelamenduak;
  • e) Autonomia-erkidegoetako lege eta lege-indarreko egintza eta arau-xedapenak;
  • f) Autonomia-erkidegoetako legebiltzarren erregelamenduak.

Konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsoa baliatzeko legitimaturik daude Gobernuko lehendakaria, herriaren defendatzailea, berrogeita hamar diputatu eta berrogeita hamar senatari. Autonomia-erkidegoetako organo exekutiboak eta legebiltzarrak ere legitimaturik daude beren autonomia- eremuari eragin diezaioketen Estatuaren lege, lege-indarreko xedapen edo egintzen aurka konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsoa baliatzeko.

Aurkaraturiko lege edo lege-indarreko xedapen edo egintza ofizialki argitaratu eta hiru hilabeteren epean jarriko da, oro har, konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsoa, Konstituzio Auzitegian demanda aurkezturik; demanda horretan, akzioa baliatzen duten pertsona edo organoen identifikazio-datuak adierazi beharko dira; orobat adierazi beharko da zer lege, xedapen edo egintza aurkaratzen den, eta zein den urratutzat jotzen den konstituzio-xedapena.

Aurreko epe hori, baina, bederatzi hilabetera luza daiteke Gobernuko lehendakariak eta autonomia-erkidegoetako organo exekutiboek konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsoa jarriz gero, baldin eta Estatuko Administrazio Orokorraren eta dagokion autonomia-erkidegoaren arteko bitariko lankidetza-batzordean erabakitzen bada alderdien arteko desadostasunak ebazteko negoziazioei ekitea, arau-testua aldatzeko eskaera egiteko aukerarekin ere. Alderdien arteko negoziazioei ekiteko erabakia Konstituzio Auzitegiari jakinarazi behar zaio hiru hilabeteko epearen barruan, lege edo lege-indarreko xedapen edo egintza argitaratzen denetik, eta Estatuko Aldizkari Ofizialean eta dagokion autonomia-erkidegoko aldizkari ofizialean argitaratu behar da erabakia.

Demanda izapidetzeko onartutakoan, Konstituzio Auzitegiak demanda helaraziko die Diputatuen Kongresuari, Senatuari eta Gobernuari, eta, hala badagokio, autonomia-erkidegoko legegintza-organoari eta organo exekutiboari, prozeduran pertsonatu ahal izan daitezen eta egoki deritzoten alegazioak egin ahal izan ditzaten. Pertsonatzeko eta alegazioak egiteko epea igarota, epaia emango du Konstituzio Auzitegiak.

Konstituzio-kontrakotasuneko errekurtso bat izapidetzeko onartzeak ez dakar, oro har, aurkaraturiko lege-xedapenak automatikoki geldieran uztea, non eta Gobernuko lehendakariak ez duen aurkaratzen autonomia-erkidego bateko legeren bat edo lege-indarreko arau edo egintzaren bat, demandan espresuki eskatuta geldieran uztea aurkaratutakoaren indarra eta aplikazioa. Halakoetan, Konstituzio Auzitegiak geldiera berrestea edo kentzea ebatzi behar du, gehienera ere bost hilabeteren epean.

Halako prozeduretan emandako epaiek gauza epaituaren balioa dute, botere publiko guztiak lotesten dituzte eta efektu orokorrak izaten Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen diren egunetik.