Epaile edo auzitegiek bakarrik sustatu dezakete konstituzio-kontrakotasuneko arazoa, ofizioz edo alderdiak eskatuta. Noiz? Bada, irizten diotenean Konstituzioaren kontrakoa izan daitekeela ardurapean duten prozesuan aplikagarria den lege-mailako arau bat, arau horren baliozkotasunaren araberakoa delarik epaiaren edukia.
Prozedura amaitutakoan eta epaia edo dagokion ebazpen judiziala emateko epearen barruan planteatu behar du organo judizialak arazoa; horretarako, zehaztu beharko du zein lege edo lege-indarreko arauren konstituzionaltasuna jartzen duen zalantzan, zein konstituzio-xedapen jotzen den urratutzat, eta adierazi edo justifikatu beharko du zenbateraino den prozesuaren erabakia arau horren baliozkotasunaren araberakoa.
Organo judizialak, konstituzio-kontrakotasuneko arazoa planteatzea erabakitzeko autoa eman baino lehen, entzuera emango die alderdiei eta Ministerio Fiskalari, konstituzio-kontrakotasuneko arazoa planteatzearen egokitasunari buruz esateko dutena alega dezaten 10 egunen epe erkide eta luzaezinean. Horren ondoren, beste izapiderik gabe ebatziko du organo judizialak, hiru egunen epean, arazoa planteatu ala ez.
Organo judizialak Konstituzio Auzitegiari igorriko dio konstituzio-kontrakotasuneko arazoa eta, harekin batera, auto nagusien testigantza eta alderdien eta ministerio fiskalaren alegazioena. Konstituzio-kontrakotasuneko arazoa planteatzeak behin-behinekoz geldiaraziko ditu prozesu judizialeko jarduketak, harik eta Konstituzio Auzitegiak arazoaren onarpenari buruzko erabakia eman arte. Onartuz gero, arazoa behin betiko ebatzi arte iraungo du geldiarazpenak.
Konstituzio Auzitegiak, auto bidez eta Estatuko fiskal nagusiari entzun ondoren, atzera bota ahal izango du konstituzio-kontrakotasuneko arazoa, onartze-izapideetan dagoela, prozesu-baldintzak betetzen ez direnean edo abiarazitako arazoa oinarririk gabea dela ageri denean.
Konstituzio-kontrakotasuneko arazoa izapidetzeko onarpena Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu behar da, eta, argitalpenaren hurrengo 15 egunen barruan, konstituzio-prozesuan pertsonatu ahalko dira arazoa sustatu zen prozedura judizialean alderdi direnak. Era berean, Konstituzio Auzitegiak hauei helaraziko die arazoa: Diputatuen Kongresuari, Senatuari, Estatuko fiskal nagusiari, Gobernuari, eta, autonomia-erkidego batek emandako lege edo lege-indarreko arau-xedapen bati dagokiona bada arazoa, haren legegintza-organoari eta organo exekutiboari. Guztiek ere, hamabost eguneko epea izango dute prozeduran pertsonatzeko eta alegazioak egiteko. Epe hori amaitutakoan, Konstituzio Auzitegiak epaia emango du.
Halako prozeduretan emandako epaiek gauza epaituaren balioa dute, botere publiko guztiak lotesten dituzte eta efektu orokorrak izaten Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen diren egunetik.