Estatuaren konstituzio-organoen arteko gatazkek aurrez aurre jartzen dituzte Gobernua eta Diputatuen Kongresua, Senatua edo Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia, edo konstituzio-organo horiek beren artean.
Baldin eta aipaturiko konstituzio-organoetariko batek irizten badio organo horietariko beste batek Konstituzioak edo lege organikoek ematen dizkioten eskudantziez jabetuta hartu dituela erabakiak, hala jakinaraziko dio organo inbaditzaileari, eskudantziak bidegabeki hartu direla ondorioztatzera daraman erabakiaren berri jakin eta hurrengo hilabetearen barruan, eta erabaki hura errebokatzeko eskatuko dio. Baldin eta eskaera bidali zaion organoak esaten badu bere eskudantziak baliatuz diharduela, edo jakinarazpena jaso eta hilabetera jarduera zuzentzen ez badu eskatu zaion moduan, eskudantziak bidegabeki hartu zaizkiola irizten dion organoak Konstituzio Auzitegiaren aurrean planteatuko du gatazka, idazki batean zehaztuz zer xedapen jotzen dituen urratutzat eta egoki deritzon alegazioak eginda.
Konstituzio Auzitegiak gatazka sustatu duen idazkia helarazi behar die errekerimendua egin zaion organoari, bai eta prozesu konstituzional hau sustatzeko legitimatuta dauden gainerako organoei ere, hilabeteko epean pertsonatu ahal izan daitezen prozeduran eta alegazioak egin ahal izan ditzaten.
Gatazka ebazten duen epaiak zehaztuko du zein organori dagozkion Konstituzio-eskudantzia eztabaidatuak, eta deusez deklaratuko ditu besteren eskudantzietan sartuz gauzaturiko egintzak; egintzon ondorioz sorturiko egoera juridikoei buruz, dagokiona ebatziko du epaiak.