Babes-errekurtsoa dugu Konstituzioak Konstituzio Auzitegiari emandako eskumen nagusietako bat, eta prozesu honen xedea da babesa ematea Konstituzioaren 14. artikulutik 29.era bitartekoetan eta 30.2 artikuluan aitortutako eskubide eta askatasunen urraketen aurrean, baldin eta urraketok eragin dituzten xedapenak, egintza juridikoak, ez-egiteak edo egitate-bidea Estatuko botere publikoenak, autonomia-erkidegoenak eta gainerako lurralde-, korporazio- edo instituzio-izaerako ente publikoenak badira, edo haien funtzionario edo agenteenak. Hau da babes-errekurtsoaren bidez baliarazi ahal den uzi bakarra: errekurtsoa jartzeko arrazoi izan ziren eskubide edo askatasunak berreskuratzea edo babestea.
Konstituzio Auzitegiari buruzko Lege Organikoak babes-errekurtsoaren hiru mota bereizten ditu, oinarrizko eskubideen urraketa egozten zaion botere publikoaren egintzaren jatorriaren arabera:
- a) babes-errekurtsoa, parlamentu-erabakien aurkakoa (42. artikulua);
- b) babes-errekurtsoa, gobernu- eta administrazio-erabakien aurkakoa (43. artikulua);
- c) babes-errekurtsoa, erabaki judizialen aurkakoa (44. artikulua).
Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko Lege Organikoak, bere aldetik, bi mota aurreikusi ditu hauteskunde-administrazioaren egintza eta erabakien aurkako babes-errekurtsoari dagokionez:
- a) babes-errekurtsoa, hauteskunde-batzordeek hautagaien eta hautagaitzen aldarrikapenari buruz hartutako erabakien aurkakoa (49.3 artikulua);
- b) babes-errekurtsoa, hauteskunde-batzordeek hautetsi-aldarrikapenari buruz eta toki-korporazioetako lehendakariaren hautaketa eta aldarrikapenari buruz hartutako erabakien aurkakoa (114.2 artikulua).
Interes legitimo bat aipatzen duen pertsona fisiko edo juridiko oro, Herri Defendatzailea eta Ministerio Fiskala daude legitimaturik babes-errekurtsoa jartzeko. Prozesuan agertu ahal izango dira, alderdi demandatu gisa edo laguntzailekide gisa, errekurtsoa jartzeko arrazoi izan den erabaki, egintza edo egitateak mesede egin dien pertsonak, edo errekurtsoan interes legitimoa dutenak. Ministerio Fiskalak babes-prozesu guztietan hartuko du parte, legezkotasunaren, herritarren eskubideen eta legeak babesten duen interes publikoaren defentsan.
Gobernu- edo administrazio-erabakien eta erabaki judizialen aurkako babes-errekurtsoa jartzeko, nahitaezkoa da aurreko bide judiziala agortzea, bai eta bide horretan argudiatzea, ahal bezain laster, Konstituzio Auzitegiaren aurrean baliarazi nahi den oinarrizko eskubidearen urraketa.
Gobernu- edo administrazio-erabakien aurkako babes-errekurtsoa eta erabaki judizialen aurkako babes-errekurtsoa jartzeko epeak hogei egun eta hogeita hamar egunekoak dira, hurrenez hurren, aurreko bide judizialari amaiera ematen dion ebazpenaren jakinarazpenetik. Parlamentu-erabakien aurkako babes-errekurtsoa jartzeko epea hiru hilabetekoa da, ganberen barne-arauen arabera irmo bihurtzen direnetik erabakiok.
Babes-errekurtsoaren modalitate guztiek dute betekizun erkide, ezin zuzenduzkoa, demandatzaileak justifikatzea errekurtsoak konstituzio-arloan duen garrantzi berezia. Betekizun hori ez da nahasi behar salatutako konstituzio-urraketaren edo -lesioaren oinarritzearekin, halako moldez non errekurtsoak konstituzio-arloan duen garrantzi berezia justifikatzearen zama gauza bat den, eta beste bat, desberdina, aurkaratutako egintzak edo erabakiak oinarrizko eskubide bat urratu izanaz arrazoitzea.
Konstituzio Auzitegiari zuzendutako demanda bidez hasiko da babes-errekurtsoa; demandan, lehen aipatutako betekizunez gain, hura oinarritzen duten egitateak azaldu beharko dira argi eta zehatz, urratutzat jotzen diren konstituzio-xedapenak aipatu, eta zehazki finkatu zer babes eskatzen den kaltetutzat jotzen den eskubide edo askatasuna babesteko edo berreskuratzeko. Madrilgo Elkargoko prokuradore batek ordezkatua agertu behar du demandatzaileak, Espainiako edozein elkargoko letradu batek lagundua, eta Konstituzio Auzitegiaren Erregistro Orokorrean aurkeztu behar da demanda, legez ezarritako epearen barruan edo epea amaitzen den egunaren hurrengo egun balioduneko 15:00ak arte, Konstituzio Auzitegiaren erregistroan bertan edo edozein herritako auzitegi zibilen erregistro nagusiko bulegoan edo zerbitzuan.
Demanda onartzeari buruzko erabaki bat hartu beharko dute atalek edo salek. Izapidetzeko onar dadin, legeak aurreikusitako betekizunak betetzeaz gain, beharrezkoa da errekurtsoaren edukia Konstituzio Auzitegiak haren funtsaz erabaki bat hartzeko adinakoa izatea, konstituzio-arloan duen garrantzi bereziagatik; hori ebaluatzeko, kontuan hartuko da zer garrantzi duen Konstituzioa interpretatzeko, aplikatzeko edo orokorrean eraginkorra izateko, eta orobat oinarrizko eskubideen edukia eta helmena zehazteko.
Atalek edo salek emandako ez-onartze erabakietan, bete gabeko betekizuna zein den zehaztuko da. Erabaki horiei Ministerio Fiskalaren erregu-errekurtsoa baino ezin jarriko zaie.
Eskatutako babesa eman ala ukatuko du errekurtsoaren edukiaz edo funtsaz arduratzean emandako epaiak. Babesa ematen duen epaiak erabaki hauetariko bat edo batzuk izan beharko ditu:
- a) baliogabe deklaratzea aurkaratutako erabaki, egintza edo ebazpena;
- b) urratutako eskubidea edo askatasun publikoa aitortzea;
- c) Errekurritzaileari bere eskubide edo askatasun osoa itzultzea, eta, hala badagokio, hura babesteko neurriak hartzea.
Babes-errekurtsoa baietsi behar izatekotan errekurtsoaz arduratzen den organoak irizten diolako aplikaturiko legeak oinarrizko eskubideak edo askatasun publikoak kaltetzen dituela, Auzitegiko Osoko Bilkurari igorriko zaio arazoa, geldieran utzirik babes-prozesuan epaia emateko epea harik eta Osoko Bilkurak bere iritzia ematen duen arte aplikatutako legearen konstituzionaltasunari buruz.
Babes-errekurtsoa jartzeak, oro har, ez ditu geldieran uzten aurkaraturiko egintzaren edo erabakiaren efektuak; hala ere, aurkaraturiko egintzaren edo erabakiaren exekuzioak kalterik ekar baliezaio demandatzaileari, babesaren xedea galaraz lezakeena, Auzitegiak, ofizioz edo errekurritzailearen eskariz, geldieran utzi ahal izango ditu efektu horiek, guztiz edo partez, betiere geldierak kalte larririk eragiten ez badie Konstituzioak babesturiko interes bati edo beste norbaiten oinarrizko eskubide eta askatasunei. Halaber, ordenamenduan aurreikusitako edozein kautela-neurri eta behin-behineko ebazpen hartu ahal izango du babes-errekurtsoaz arduratzen den organoak, izaeraz babes-prozesuan aplika daitekeena eta errekurtsoak bere xedea ez galtzeko lagungarria bada.