Konstituzio-kontrakotasuneko aurretiazko errekurtsoaren xede izango da: autonomia-estatutuen proiektuen eta autonomia-estatutuak erreformatzeko proposamenen behin betiko testua, behin Gorte Nagusiek onartu dutenean.
Errekurtso hori jartzeko legitimaturik daude Konstituzioaren eta Konstituzio Auzitegiari buruzko Lege Organikoaren arabera autonomia-estatutuen aurkako konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsoak jartzeko legitimaturik daudenak.
Errekurtsoa jartzeko epea hiru egunekoa izango da, onartutako testua Gorte Nagusietako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik zenbatzen hasita. Errekurtsoa aurkeztuz gero, automatikoki etengo dira hurrengo izapide guztiak (berronespena eta promulgazioa), erreferendum-deialdia barne, autonomia-estatutuaren proiektua edo autonomia-estatutua erreformatzeko proiektua erreferendumera atera behar denean.
Konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsorako aurreikusi moduan bideratuko da (KALOren II. tituluko II. kapitulua) , eta Auzitegiak ebatzi behar du sei hilabeteko epe luzaezinean, aurkeztu zen egunetik zenbatzen hasita.
Auzitegiak deklaratuz gero ez dagoela alegatutako konstituzio-kontrakotasunik, berriro ekingo zaie estatutu-proiektua edo estatutua erreformatzeko proposamena indarrean jartzeko izapideei, bai eta, hala badagokio, erreferendumera deitu eta hura egiteko prozedurari ere.
Auzitegiak deklaratuz gero aurkaratutako testua Konstituzioaren kontrakoa dela, hauek zehaztu beharko ditu: konstituzio-kontrakotasuneko deklarazioak hartzen dituen xedapen edo manuak, bai eta konexioz edo ondorioz eraginda geratzen direnak ere, orobat zein xedapen konstituzional urratu den. Eta ezingo zaio berriro ekin autonomia-estatutuaren proiektuaren edo autonomia-estatutua erreformatzeko proiektuaren izapidetzeari harik eta Gorte Nagusiek kendu edo aldatzen dituzten arte Konstituzioaren kontrakotzat jotako xedapen edo manuak.
Aurretiazko errekurtsoari buruzko erabakiak ez du aldez aurretik epaituko Auzitegiak gerora eman dezakeen erabakia, baldin eta konstituzio-kontrakotasuneko errekurtso edo arazorik aurkezten bada autonomia-estatutuaren proiektuak edo autonomia-estatutua erreformatzeko proiektuak lege-indarra hartu eta gero.