Omitir los comandos de cinta
Saltar al contenido principal
DESACTIVAR CARROUSELES

Eskumen-gatazkak

Descargar PDF
Inprimatu
 

 

Estatua autonomia-erkidego baten aurka edo bi autonomia-erkidego edo gehiago elkarren aurka jartzen dituzte eskumen-gatazka positiboek. Gobernuak edo autonomia-erkidegoetako exekutiboek abiarazi ahal izango dituzte baldin eta irizten badiote Estatuaren edo autonomia-erkidegoen xedapen, ebazpen edo egintzaren bat, eta orobat xedapen, ebazpen edo egintza horiek ez emateak ez duela errespetatzen eskumen-ordena konstituzionala, alegia, Konstituzioan, autonomia-estatutuetan edo Estatuaren eta autonomia-erkidegoen arteko eskumen-zedarritzea egiteko lege organikoetan ezarritakoa.

Gobernuak zuzenean formalizatu ahal izango du eskumen-gatazka positiboa Konstituzio Auzitegiaren aurrean, edo aurretiazko eskumengabetasun-errekerimendua egin ahal izango dio autonomia-erkidegoari, estatu-eskumenak ustez urratzen dituen egintza edo xedapena indargabetu edo deusezta dezan. Gatazka zuzenean formalizatzeko edo eskumengabetasun-errekerimendua baliatzeko epea bi hilabetekoa da, eskumengabetasun-akatsa duela uste den xedapen edo egintza argitaratu edo komunikatzen den egunetik hasita. Errekerimendua egin zaion autonomia-erkidegoak hilabeteko epean jaramonik egiten ez badio eskumengabetasun-errekerimenduari, Gobernuak hilabeteko epea du, ezezkoaren jakinarazpenetik edo errekerimendua egin zaion autonomia-erkidegoak errekerimenduari erantzuteko duen epea amaitzen denetik, gatazka Konstituzio Auzitegiaren aurrean planteatzeko, errekerimendu-izapidea emaitzarik gabea izan dela ziurtatuz eta errekerimenduari eusten dioten oinarri juridikoak alegatuz.

Autonomia-erkidegoetako organo exekutiboek, eskumen-gatazka Konstituzio Auzitegiaren aurrean formalizatu baino lehen, zio eta guztiko errekerimendua egin beharko diote, bi hilabeteko epean, Estatuari edo eskumengabetasunaz jotako egintza edo xedapena eman duen autonomia-erkidegoari, derogatu edo deusezta dezan. Eskumengabetasun-errekerimenduari jaramonik egiten ez bazaio hilabeteko epean, autonomia-erkidegoko organo exekutiboak hilabeteko epea du, ezezkoaren jakinarazpenetik edo errekerimendua egin zaion organoak errekerimenduari erantzuteko duen epea amaitzen denetik, Konstituzio Auzitegiaren aurrean planteatzeko gatazka, errekerimendu-izapidea emaitzarik gabea izan dela ziurtatuz eta errekerimenduari eusten dioten oinarri juridikoak alegatuz.

Konstituzio Auzitegiak, hamar egunen epean, gatazkari hasiera eman zaiola jakinaraziko dio Gobernuari edo autonomia-erkidegoko organo exekutiboari, eta epe bat jarriko dio, gehienez ere hogei egunekoa, egoki deritzen alegazioak aurkez ditzan. Gatazka ebazten duen epaiak deklaratuko du zeinek duen eskumen eztabaidatuaren titulartasuna, eta, hala badagokio, gatazka eragin zuten xedapen, ebazpen edo egintzak deuseztatzea erabakiko du, eskumengabetasun-akatsa badute.

Gobernuak, Konstituzioaren 161.2 artikuluak ematen dion ahalmena baliatuta, gatazka formalizatzeko unean eskatu ahal izango du geldieran uztea gatazkaren xedeko xedapena, ebazpena edo egintza, eta horrek besterik gabe ekarriko du haien indarraldia geldieran uztea. Konstituzio Auzitegiak bost hilabeteko epean ebatzi beharko du, alderdiei entzunaldia eskaini eta gero, ea geldiera mantendu behar den, edo kendu. Gainerako kasuetan, eskumen-gatazka sustatu duen organoak eskatu ahal izango du gatazkaren xedeko xedapen, ebazpen edo egintza geldieran uztea, kalte konponezinak edo konpongaitzak argudiotzat harturik. Konstituzio Auzitegia libre izango da eskaturiko geldiera onartzeko edo ukatzeko.

Eskumen-gatazka negatiboak

Pertsona fisiko edo juridikoek eta Gobernuak abiarazi ahal izango dituzte eskumen-gatazka negatiboak autonomia-erkidego bateko organo exekutiboaren aurrean. <7p>

Estatuko edo autonomia-erkidegoko organoren batek bere burua eskumengabe jotzen badu pertsona fisiko edo juridiko batek haren aurrean aurkezturiko uzia ebazteko, uste duelako eskumena autonomia-erkidego bati dagokiola, edo Estatuari edo uzia aurkeztu zaion autonomia-erkidegoaz bestelako bati, interesdunak, administrazio-bidea agortu eta gero, berriro aurkeztu ahal izango du uzia Gobernuaren aurrean edo ebazpenak eskudun deklaratu duen autonomia-erkidegoaren organo exekutiboaren aurrean. Eskaera bigarrenik egin zaion administrazioa hilabeteren epean inhibitzen bada, eskumenik ez duela deklaratzen badu edo baiezko erabakirik ematen ez badu, interesdunak ─deklinatoria jakinarazi eta hurrengo hilabetearen barruan edo epe hura ebazpen espresurik gabe igarotakoan─ Konstituzio Auzitegira jo ahal izango du, eta gatazka planteatu dadila eskatu. Auzitegiak irizten badio inplikaturiko administrazioen ezezkoaren oinarrian interpretazio-desberdintasun bat dagoela konstituzio-xedapenei edo autonomia- estatutuei edo Estatuaren eta autonomia-erkidegoen eskumenak zedarritzen dituzten lege organiko edo arruntei dagokienez, planteatutzat deklaratuko du gatazka, auto bidez, eta, auto hori eskatzaileari eta administrazio inplikatuei helarazi ondoren, alegazioak aurkez ditzaten, epaia eman behar du, eta eskumena zein administraziok duen deklaratu.

Gobernuak ere plantea dezake eskumen-gatazka negatiboa, baldin eta, autonomia-erkidego baten organo exekutibo nagusiari errekerimenduz eskatu diolarik balia ditzala bere eskumenei dagozkien eskudantziak, hark errekerimenduari erantzun ez badio, errekerimendua egin zaion organoa eskumengabe deklaratzen delako edo jarduerarik ezarekin jarraitzen duelako. Gobernuaren errekerimendua espresuki edo isilbidez ukatutzat jo behar den egunetik hasi eta hurrengo hilabetearen barruan, Gobernuak gatazka negatiboa planteatu ahal izango du Konstituzio Auzitegiaren aurrean, adierazirik zein diren autonomia-erkidegoa bere eskudantziak baliatzera behartzen duten konstituzio-, estatutu- edo lege-manuak. Gatazka planteatu delakoa helarazten zaiolarik autonomia-erkidegoko organo exekutiboari, hilabeteko epean alegazioak aurkez ditzan, epaia eman behar du Auzitegiak, erabaki hauetako batekin:

  • a) Errekerimendua bidezkoa dela deklaratzea; kasu horretan, epe bat ezarriko da autonomia-erkidegoak eskudantzia balia dezan;
  • b) Errekerimendua bidegabea dela deklaratzea.