Omitir los comandos de cinta
Saltar al contenido principal
DESACTIVAR CARROUSELES

Idazkaritza Nagusiaren barruan daude idazkari nagusia, zeinari baitagozkio, bere eskumenen esparruan, Auzitegiaren gobernu- eta administrazio-eginkizunak, eta idazkari nagusiaren ondokoa, zeinari, idazkari nagusia ordezkatzeaz gain, idazkari nagusiak delega diezazkiokeen gobernu- eta administrazio-eginkizunak baitagozkio.

Idazkaritza Nagusiaren mende daude Konstituzio Auzitegiaren administrazioa osatzen duten zerbitzuak eta unitateak.

Idazkari nagusia

Konstituzio Auzitegiak idazkari nagusi bat du, Osoko Bilkurak hautatua eta lehendakariak izendatua Auzitegiaren zerbitzuko letraduen artetik; hain zuzen ere, halakotzat gutxienez hiru urteko antzinatasuna dutenen artetik. Izendapena hiru urterako izango da.

Idazkari nagusiari dagozkio, orobat, lehendakariaren agintearen eta aginduen pean, eginkizun hauek, besteak beste:

  • a) Letradu nagusi gisa hartzea Auzitegiko letraduen burutza, hargatik eragotzi gabe lehendakariari, lehendakariordeari, Osoko Bilkurari eta salei dagozkien ahalmenak;
  • b) Lehendakariari laguntza ematea programazio jurisdikzionalean, bat etorrita Osoko Bilkurak, kasua denean, ezarritako jarraibideekin, eta, programazio horren esparruan, letraduen lanaren banaketa, koordinazio gorena eta ordenazio orokorra gai jurisdikzionalen alorrean edo izaera juridiko-konstituzionaleko beste edozeinetan, hargatik eragotzi gabe magistratu txostengileei dagokiena eta, letraduen laguntzaileak zer magistraturi adskribatu zaizkion, harekiko mendetasun funtzionala;
  • c) Auzitegiaren konstituzio-doktrina biltzea, sailkatzea eta argitaratzea.

Idazkari nagusiaren ondokoa

Auzitegiko Osoko Bilkurak letraduen artetik aukera dezake idazkari nagusiaren ondoko bat, besteak beste zeregin hauek izango dituena:

  • a) Idazkari nagusia ordezkatzea, baldin eta kargua hutsik geratzen bada, edo idazkari nagusia kanpoan edo gaixorik bada;
  • b) Letraduen lanaren banaketa, koordinazioa eta ordenazio orokorra gai sartu berrien onartze-izapidean, idazkari nagusiaren delegazioz eta bat etorrita lehendakariarekin eta Osoko Bilkurarekin, hargatik eragotzi gabe magistratu txostengileei dagokiena;
  • c) Laguntzarako edo txostengintzarako beste edozein eginkizun, lehendakariak, idazkari nagusiak eta, hala badagokio, Osoko Bilkurak agindua.

Letraduak

Konstituzio Auzitegiak letraduen laguntza du. Konstituzio Auzitegiko letraduen kidegoa osatzen duten letraduak oposizio-lehiaketaren bitartez hautatzen dira funtzionario publikoen artetik; hain zuzen ere, A taldeko kidego edo eskalaren batera zuzenbide-lizentziadun gisa sartu direnen artetik. Auzitegiak aldi baterako adskripzioko letraduak ere izenda ditzake, baldintza profesional hauetakoren bat bete beharko dutenak:

  • a) Diziplina juridikoetako unibertsitate-irakasleak, gutxienez bost urte daramatenak irakaskuntzan edo ikerketan, unibertsitate publiko edo pribatuetako irakasle kontratatu, doktore edo pareko izaera eskuratzeko behar den akreditazioa lortu dutenak gutxienez;
  • b) Karrera judizial edo fiskaleko kideak, gutxienez bost urte daramatenak jardun profesionalean;
  • c) A taldeko kidego edo eskalaren batera zuzenbide-lizentziadun gisa sartu diren funtzionario publikoak, gutxienez bost urte daramatenak jardun profesionalean;
  • d) Abokatuak, gutxienez hamar urte daramatenak jardun profesionalean.

Aldi baterako adskripzioko letraduen izendapena gehiengo osoz egiten du Osoko Bilkurak, hiru magistratuk proposatuta. Adskripzioak hiru urte iraungo du, eta epemuga baino lehen berritu daiteke gehienez ere bi aldi berdinez.

Magistratu bakoitzak Osoko Bilkurari proposa diezaioke gehienez ere bi laguntzaile izenda diezazkiola, Konstituzio Auzitegiaren zerbitzuko letraduen artetik. Letraduei aplikatzen zaizkien arau orokorrekin eraenduko dira, dagokien magistratuarekiko mendekotasun funtzionala beste berezitasunik ez dutela.

Letraduek agintzen zaizkien azterketa-, txostengintza- edo aholkularitza-eginkizunak betetzen dituzte Auzitegia bere ardurapean dituen gaietan. Lehendakariari dagokio ataza jakinak esleitzea Auzitegiko edozein letraduri, hala egokitzen denean. Gainerako kasuetan, Idazkaritza Nagusiaren bitartez banatuko da lana letraduen artean.