Espainiako I. Errepublikan (1873) eztabaidatu zen konstituzio federalaren proiektuak aurreikusi zuen, lehenengo aldiz, legeen konstituzionaltasunaren kontrola: Senatuak egin behar zuen, aldez aurretik, eta Auzitegi Gorenak gero (intzidente-bidetik eta inter partes ondorioekin). Proiektua ez zen aurrera atera, baina amerikar estiloko Auzitegi Goren bat sortzea aurreikusi zuen, federazioaren eta estatuen arteko gatazkak ebatzi ez ezik, Konstituzioaren kontrako legeen ondorioak geldieran uzteko ahalmena ere izango zuena.
Primo de Riveraren diktaduraren azken egunetan (1929), konstituzio-aurreproiektu bat prestatu zuten, “legeen konstituzio-kontrakotasuneko errekurtso” bat, Erresumako Kontseiluari esleitua, aurreikusten zuena, baina ez zuten onartu. Hala ere, erregimen hori erori eta gero, II. Errepublikan (1931), beste konstituzio-aurreproiektu bat aurkeztu zuten, «justizia konstituzionaleko auzitegi» bati esleitzen ziona legeen kontrol kontzentratua, bai organo judizialen eskariz (kontrol zehatza), bai subjektu gaituen zuzeneko aurkarapenaren bitartez (kontrol abstraktua). Auzitegi horrek bere ardurapean izango zituen, legeen baliozkotasunaren kontrolaz gain, oinarrizko eskubideen babesa (“babes-judizioa”), Estatuaren eta eskualde autonomoen arteko gatazkak, Estatuko goi-kargudunen erantzukizun kriminala eta diputatu eta senatarien akten baliozkotasuna. Gero (1931) etorri zen Konstituzioaren «proiektuak», dena den, «Konstituzio Bermeen Auzitegi» deitu zion organo horri, eta kendu egin zion diputatu eta senatarien akten baliozkotasuna kontrolatzeko eskumena, eta legeen konstituzionaltasunari buruzko kontsulta-organo huts (ez lotesle) bihurtu zuen. Egin-eginean ere, 1931ko abenduaren 9ko Konstituzioak (1933ko ekainaren 14ko Lege Organikoak garatua) sortu zuen «Konstituzio Bermeen Auzitegia», eta, Austriako ereduari jarraiki, hauek esleitu zizkion: legeen konstituzionaltasunaren kontrola (konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsoaren bitartez, herritarrek ere jar zezaketen, Konstituzioa defendatzeko herri-akzio halako bat baliatuta, eta legeen konstituzionaltasunari buruzko kontsultaren bidez, justizia-auzitegiek aurkez baitzezaketen); babes-errekurtsoa, berme indibidualen alorrean; Errepublikaren eta eskualde autonomoen gatazkak ebaztea; Gorteekin batera Errepublikako lehendakaria hautatzen zuten konpromisarioen ahalordeen azterketa eta onarpena, eta goi-agintari batzuen erantzukizun kriminalaren kontrola (Estatuko burua, Kontseiluko lehendakaria, ministroak, Auzitegi Goreneko lehendakaria eta magistratuak eta Errepublikako fiskala).
Jardun laburra izan zuen; izan ere, 1936ko uztaileko altxamenduarekin (Espainiako Gerra Zibilaren hasiera), dimisioa eman zuten kideek (abuztuaren 20an), eta Gobernuak dimisioetako batzuk onartu zituen. Hortik aurrera, bitarteko izaeraz funtzionatu zuen, harik eta 1939an Bartzelonara eraman zuten arte, han izan baitzuen amaiera.
1978ko abenduaren 27ko Konstituzioaren IX. tituluak sortu zuen «Konstituzio Auzitegia», zeina Konstituzio Auzitegiari buruzko urriaren 3ko 2/1979 Lege Organikoaren bitartez hasi baitzen jardunean, eta azken bermatzaile gisa funtzionatzen baitu, hala oinarrizko eskubide eta askatasun publikoena, nola Konstituzioaren nagusitasunarena.