I. Jurisdikzio konstituzionala
Aurrekariak
Jurisdikzio konstituzional kontzentratuaren eredua, Konstituzio Auzitegia hari jarraitzen baitzaio, gerren arteko Europan garatu zen, lehenengo konstituzio-auzitegiak sortu baitziren orduan; zehazki, Austria eta Txekoslovakiako 1920ko konstituzioetan. Nahiz eta konstituzio-proiektu batzuetan (1873 eta 1929) konstituzionaltasun-kontrola aurreikusi, Konstituzio Bermeen Auzitegia da Espainiako egungo Konstituzio Auzitegiaren aurrekari bakarra, Europako justizia konstituzionalaren hastapenetan sortu baitzen. 1931ko abenduaren 9ko Konstituzioak ezarria (122. artikulua) eta 1933ko ekainaren 14ko Lege Organikoaren bidez arautua, Austriako eredua zuen iturri, eta hauek zituen eskumen, besteak beste: legeen konstituzionaltasun-kontrola, berme indibidualen alorreko babesa, Errepublikaren eta eskualde autonomoen arteko gatazkak ebaztea eta goi-agintari batzuen erantzukizun kriminalaren kontrola (Estatuko burua, Kontseiluko lehendakaria, ministroak, Auzitegi Goreneko lehendakaria eta magistratuak eta Errepublikako fiskala). Kontzientzia garbia zegoen boterearen lurralde-banaketa kontrolatu behar zela eta aldarrikatutako oinarrizko eskubideek eraginkor behar zutela, baina kontzeptuak ez zuen heldutasunik ez eta eredu sendoturik ere, eta hori ia logikoki islatu zen Auzitegiaren konfigurazioan, izaera politiko nabarmena baitzuen eta eginkizun askotarikoegiak. Azkenean, Espainiako Gerra Zibila pizteak eta enparauek bizialdi oso laburra ekarri zioten.
III. Espainiako Konstituzio Auzitegia
Hastapenak
1978ko abenduaren 27ko Espainiako Konstituzioak sortua, IX. tituluan ageri baita, Konstituzio Auzitegiaren erregulazioa edo arauketa urriaren 3ko 2/1979 Lege Organikoan dator (KALO).
Lehenengo magistratuak, 1980eko otsailaren 14ko errege-dekretuen bidez izendatuak (otsailaren 22an argitaratu baitziren), hil bereko 25ean eratu ziren Magistratuen Kolegio gisa, hamar baino ez zirelako izan hasieran; izan ere, Auzitegia osatzen duten hamabiak osatzeko falta ziren beste biak Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak proposatu behar zituen, eta organo konstituzional hori eratu gabe zegoen artean. Manuel García-Pelayo y Alonso jauna izan zuten buru bilkuretan, magistratu zaharrena baitzen, eta Rafael Gómez-Ferrer jauna, berriz, akta-idazkari, magistratu gazteena baitzen. Ordutik aurrera eta Auzitegi gisa eratu arte, uztailaren 12ra arte alegia, KALOren lehenengo xedapen gehigarriak ezarritakoaren arabera, magistratu izendatuek iritzi zioten, bai eta hala adierazi ere lehenengo bilkuraren aktan, eginbehar dutela […] eta egoki iritzitako prestatze-lanak egin ahal dituztela eta egin behar dituztela, Auzitegiaren funtzionamendu eraginkorra ziurtatzeko eratzearen une beretik.
Lehenengo ebazpen jurisdikzionala 1980ko abuztuaren 11ko autoa izan zen, babes-errekurtso batean eman baitzuen. Eta 1981eko urtarrilaren 26an ikusi zuen argia lehenengo epaiak. Ordurik hona, jurisprudentzia zabala sortu du Konstituzio Auzitegiak: 8.000 epai baino gehiago eta ia 17.000 auto.
Nazioarteko jarduer
Espainiako Konstituzio Auzitegiak beste auzitegi batzuen eredua eta esperientzia baliatu du ─azpimarratzekoak dira Alemaniakoa, Austriakoa, Italiakoa eta Mexikokoa─, eta, egiaztatu ahal izan duenez, egokiak ditu nazioarteko lankidetzarako bide guztiak, hala aldebiko harremanen bitartez nola bilera multilateralen bidez.
Hasiera-hasieratik ekin zion Konstituzio Auzitegiak nazioarteko jarduerari, eta 1981eko urrian gonbidatu zuten Europako Konstituzio Auzitegien V. Konferentziara, zeinean konpromisoa hartu baitzuen VI. Konferentzia antolatzeko Madrilen, 1984ko urriaren 22tik 27ra. Orduz gero, Auzitegiak, aipatu Konferentzian ez ezik, nazioarteko lankidetzako beste jarduera askotan hartu du parte: azpimarratzekoa da Iberoamerikako, Portugalgo eta Espainiako Konstituzio Auzitegien Konferentzia Iberoamerikarra, Konstituzio Auzitegiak bultzatua KALOren XV. urteurreneko mahai-inguru akademikoaren barruan (1994), alde askotako lankidetzarako esparru egonkor gisa eratu baitzen, Latinoamerikan, Portugalen eta Espainian jurisdikzio konstituzionala duten auzitegi eta gorteen konferentzia periodikoen bitartez. Lehenengo konferentzia prestatzeko bilera Cartagenan egin zen (Kolonbia), 1995eko urtarrilaren 20an eta 21ean.
Era berean, 1999tik egiten dira Espainia, Portugal eta Italiako konstituzio-auzitegien hiru aldeko konferentzia deritzenak, bai eta nazioarteko beste ekitaldi batzuk ere, hala nola mintegiak, lan-bisitak, eta abar.
Konstituzio Auzitegia eta berritze-zikloak
Konstituzioaren 159.3 artikuluak dioenez, Konstituzio Auzitegiko kideak bederatzi urterako izendatuko dira, eta, hiru urterik behin, kideon herena aldatuko da.
Auzitegiaren historian, berritzeak direla eta, erabateko berrikuntzako denbora-ziklo batzuk bereiz daitezke. Magistratu fundatzaileekin ezinezkoa zenez aldi berean betetzea hiru urterik behin berritzeko araua eta bederatzi urteen araua, Konstituzioak bederatzigarren xedapen iragankorrean aurreikusi zuen Auzitegiko kideak lehen aldiz hautatu eta handik hiru urtera, hautatze-jatorri bereko lau kidez osaturiko talde bat, zozketa bidez aukeratua, kargugabetu eta berrituko zela. Ondorio horietarako, hautatze-jatorri berekotzat joko ziren Gobernuaren proposamenez izendatutako kideak eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak egindako proposamenekoak. Berdin jokatu behar zen, hiru urte geroago. Hala egin zen, eta Diputatuen Kongresuak proposaturiko magistratuei egokitu zitzaien kargua uztea, baina magistratu horiek guztiek jarraitzearen aldeko botoa eman zuen Kongresuak. Ordurik hona, hamar berritze egokitu zaizkio Auzitegiari, eta 2012ko uztailaren 20ko Errege Dekretuaren bitartez izendatu zituzten azken lau magistratuak. Hutsaldiak ere gertatu dira uko egiteengatik eta heriotzengatik, bai eta unean uneko ordezkapenak ere, eta atzerapenak, luze-laburragoak, magistratu berriak proposatu behar dituzten organoen puntualtasunaren arabera.
| Renovaciones |
Gobierno-CGPJ |
Senado |
Congreso |
| Inicio |
1980 |
| 1, 2 3 y 4 |
|
|
1983 |
| 1986 |
1989 |
1992 |
| 5, 6 y 7 |
1995 |
1998 |
2001 |
| 8, 9 y 10 |
2004 |
2007 |
2011-2012 |
| 11, 12 y 13 |
2013 o 2015 |
2016 o 2020 |
2019 o 2023 |
Horrenbestez, eratu zenetik gaur egunera arte, 59 magistratu izan ditu, guztira, Konstituzio Auzitegiak, haietariko batzuk behin baino gehiagotan hautatuak: