Omitir los comandos de cinta
Saltar al contenido principal
DESACTIVAR CARROUSELES

Espainiako II. Errepublikako Konstituzio Bermeen Auzitegia

Descargar PDF
Inprimatu
 

 

 

Jurisdikzio konstituzional kontzentratuaren eredua gerren arteko Europan garatzen da, lehenengo konstituzio-auzitegien sorreraren ildotik; zehazki, Austria eta Txekoslovakia konstituzioekin (1920).

Espainian, nahiz eta konstituzio-proiektu batzuetan aurreikusi konstituzionaltasun-kontrola (1873 eta 1929), Konstituzio Bermeen Auzitegia da Espainiako egungo Konstituzio Auzitegiaren aurrekari bakarra. Hain zuzen ere, 1931ko abenduaren 9ko Konstituzioak 121. artikuluan ezarri zuen “Konstituzio Bermeen Auzitegi bat, jurisdikzioa Errepublikaren lurralde osoan izango duena”.

Bigarren ganbera baten edo Senatuaren suzedaneo gisa taxutu zuten, kide askorekin eta osaera konplexuarekin, Konstituzioak berak ezarria (122. artikulua):

  • Lehendakari bat, Parlamentuak hautatua, diputatua izan edo ez.
  • Errepublikaren Aholkularitzarako Goi Erakundeko lehendakaria, Konstituzio haren 93. artikuluan aipatzen zena.
  • Kontuen Auzitegiko lehendakaria.
  • Bi diputatu, Gorteek libreki hautatuak.
  • Espainiako eskualdeen ordezkari bana, legeak zehaztu bezala hautatua. Autonomo gisa eratu gabeko eskualdeetan gobernu autonomikorik ez zegoenez, udalen esku utzi zen haren hautaketa.
  • Errepublikako abokatu-elkargo guztiek bozketan hautaturiko bi kide.
  • Zuzenbide Fakultateko lau irakasle, prozedura berberaz hautatuak Espainiako fakultate guztietan.

Esleitu zizkioten eskumenen multzoak gainditu egiten zuen gaur egun jurisdikzio konstituzionalaren eremuaz dugun kontzepzioa. Konstituzioaren 121. artikuluan zehazten ziren eskumen horiek

  • Legeen konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsoa. Hasiera baten, Konstituzioaren testutik ondorioztatzen zenez (123. artikulua), errekurtso hori aurkezteko legitimazioa eman arren “pertsona indibidual edo kolektibo orori”, gerora interpretatu zuten legitimazioa bakarrik zegokiola “[legearen] aplikazioak laidoztatutako eskubide-titularrari” (Lege organikoaren 30.1 artikulua).
  • Berme-indibidualen babes-errekurtsoa, beste agintari batzuen aurreko erreklamazioa eraginik gabe gertatuz gero. Auzitegiari buruzko Lege organikoaren azken erredakzioan, 1931ko Konstituzioaren 27. artikulutik 34.era bitartekoetan eta 38. eta 39. artikuluetan zerrendaturiko eskubide indibidualak hartzen zituen.
  • Legegintza-eskumeneko gatazkak, eta Estatuaren eta eskualde autonomoen artean eta eskualde autonomoen euren artean sor litezkeenak.
  • Gorteekin batera Errepublikako lehendakaria hautatzen zuten konpromisarioen ahalordeen azterketa eta onarpena.
  • Estatuko buruaren, Kontseiluko lehendakariaren eta ministroen erantzukizun kriminala.
  • Auzitegi Goreneko lehendakariaren eta magistratuen eta Errepublikako fiskalaren erantzukizun kriminala.
  • Ia urte eta erdi igaro zen Auzitegiari buruzko Lege Organikoa aldarrikatu zuten arte (1933ko ekainaren 14a), eta berehala aldatu zuten gainera. Funtsean, Austriako justizia konstituzionaleko eredua hartu zuten oinarri, eredu amerikar barreiatutik aldenduta, zeinean arauen kontrola epaile arruntaren esku geratzen baita prozesu judizial baten barruan, eta prozesuan bertan erabakitzen, intzidenteen bidetik; izan ere, legezko araua kasu jakin horretan ez aplikatzeraino irits daiteke kontua, epaileak konstituzio-kontrakotasuna duela irizten badio. Europan nagusitu zen Austriako ereduak, ordea, legeen konstituzionaltasun-kontrol zentralizatua dakar, hau da, organo espezifiko bati esleitua, konstituzio-auzitegi bati, konstituzionaltasun-prozesu independente batekin, zeinetatik ateratzen baita kontrolpean jarritako arauaren baliozkotasunari edo baliogabetasunari buruzko erabaki bat, berehalako efikazia eta erga omnes ondorioak dituena.

    Kongresuari zegokion Auzitegiko lehendakaria aukeratzea gehiengo-sistema batekin, bi itzulikoa. Agintaldia hamar urtekoa zen, berehala berraukeratzeko aukerarik gabe; Espainiako edozein herritar izan zitekeen lehendakari, baldin eta berrogei urte baino gehiago bazituen, bere eskubide zibil eta politikoen guztiekin jardutea bazuen eta Lege Organikoaren 15. artikuluko debeku-arrazoirik ez bazuen.

    Auzitegiko lehenengo lehendakaria Álvaro de Albornoz Liminiana jauna izan zen, Gorteek hautatu baitzuten 1933ko uztailaren 3an egindako bozketan. 1934ko urriaren 9an eman zuen dimisioa. Fernando Gasset Lacasaña jaunak ordezkatu zuen, Gorteek hautatu baitzuten 1934ko abenduaren 21ean egindako saioan. 1936ko abuztuaren 27an eman zuen dimisioa. Ordutik aurrera, lehenengo lehendakariordeak, Pedro Vargas Guerendiain jaunak, bete zituen lehendakariaren eginkizunak.

     

    Auzitegiaren lehenengo saioa 1933ko irailaren 2an egin bazen ere, urte horretako urriaren 21ean deklaratu zuten formalki eratutzat; izan ere, lehenengo eta bigarren lehendakariordeak aukeratu zituzten, eta jarduerei ekin zitzaien: hasieran, barne-antolamendukoei (langileak eta baliabide ekonomiko eta materialak) eta egoitza jartzeari, zeina, azkenik, Parcent-eko jauregian kokatu baitzuten, Justizia Ministerioko zenbait bulego hartzen baititu gaur egun.

    Palacio de Parcent 

    1934-1935 biurtekoan, seiehun espedientetik gora erregistratu ziren Konstituzio Bermeen Auzitegian. 53 saio egin zituzten 1934an eta 48 1935ean, Osoko Bilkuraren akta-liburutik ateratzen denez, Konstituzio Auzitegiaren Artxibo Orokorrean gordetzen baita, Bermeen Auzitegiaren dokumentu-aztarna ia bakar, Gobernu Batzarraren akta-liburuarekin batera, beste erakunde batzuetan sortutako edo batutako beste dokumentu batzuez gain, Auzitegiaren kideen eta langileen izendapenarekin zerikusia dutenak.

    Aldi horretan, Espainiako bizitza politikoaren une bereziki konplexua baitzen, eragin politiko handia izan zuten epai batzuk eman zituen Auzitegiak, hala nola lehenengoa, eskumenen alorrekoa, Kataluniako Laborantza Kontratuei buruzko 1934ko apirilaren 11ko Legearen gainekoa. Gauza bera gertatu zen handik hilabete gutxira, Generalitateko Gobernuko kideen erantzukizun penalak epaitu baitzituzten, 1934ko gertakarien ondoren. Aldi horretan, halaber, jurisprudentzia interesgarria sortu zuen Auzitegiak babesaren eremuan, gai hau aintzat hartuta, zehazki: gobernu-agintaritzek froga ekarri beharra ordena publikoaren alorreko zehapen-prozeduretan, ugariak izan baitziren 1934ko gertakarien ondoren.

    Gerra Zibilaren hasierak krisi larria ekarri zion Auzitegiari, Estatuko beste erakunde batzuei bezala, bai eta, azken buruan, desagertzea, errepublikako erregimenari lotuta zegoen heinean. Gerra hasi zenean, funtzionamendu-zailtasunak izan zituen Auzitegiak; izan ere, zenbait arrazoi medio, Auzitegiko kide batzuk ez ziren agertzen, ez eta haren zerbitzuko langile batzuk ere. Gobernuak, abuztuaren 25eko eta 28ko dekretuen bitartez, osaera berria ezarri zion Auzitegiari ─zazpi kide titular eta sei ordezko─, eta zenbait xedapen onartu zituen haren funtzionamendua errazteko. Ordutik aurrera, jarduteari utzi zion ia Auzitegiak.

    Gerraren bilakaerak lekuz aldatu beharra ekarri zion Auzitegiari; izan ere, idazkari nagusia eta funtzionario batzuk salbu, Gobernuarekin batera eraman zuten Valentziara, non sei osoko bilkura egin baitziren 1937ko urtarrila eta abendua bitartean. Gero, Negrín buru zuen gobernu berriaren 1938ko urriaren 28ko Dekretuaren ondoren, Bartzelona jarri zuten Errepublikaren hiriburu, eta hara eraman zuten Auzitegia: 1938ko otsailaren 16an egin zuen lehenengo osoko bilkura egoitza berrian. Azkenik, Auzitegiaren Osoko Bilkurak, Gobernuari jarraituta, Gironara aldatzea erabaki zuen1939ko urtarrilaren 23an, eta une horretatik aurrera amaitutzat jo daiteke Auzitegi haren existentzia.