Ohorea da niretzat gonbidapena egitea etxe honetan sar zaitezen, Konstituzio Auzitegian: ohore zait erakunde honen buru izatea, herritar guztiei zerbitzu egitea baitu bokazio.
Web orrialde honen bitartez, zehatz-mehatz jakin ahal izango duzu nortzuk garen Auzitegiko kideak, zeintzuk diren Konstituzioak eta gure lege arautzaileak eman dizkigun eginkizunak eta, are garrantzizkoagoa, zein den gure lanaren emaitza, hots, epaiak, autoak eta probidentziak, zeinen bitartez ebazten baititugu urtero Auzitegiaren erregistroan sartzen diren milaka errekurtsoak.
Web orrialdeak badu datu-base bat, sakona eta zehatza, zeinak bidea ematen baitu eskuratzeko hala Osoko Bilkurak nola salek emandako epaiak eta autoak, Auzitegiaren hasieratik, 1980ean, gaur egunera artekoak. Era berean, Auzitegiaren jurisprudentzia edozein erabiltzaileren esku dago, era guztietako gailu mugikorren bitartez, TC-e aplikazioari esker, web honetatik bertatik deskarga baitaiteke.
Azkenik, beste eduki askoren artean, gure orrialde honek informazio baliagarria eskaintzen du babes-errekurtsoari buruz: galdera-erantzuna formatuan, hogeitik gora oinarrizko gai argitzen ditu prozedura konstituzional horri buruz.
Tresna hau baliagarri izango zaizulako esperantzan, eta erakunde hau ezagutzeko eta baloratzeko aukera emango dizulakoan, har ezazu agur bero bat.