Omitir los comandos de cinta
Saltar al contenido principal
DESACTIVAR CARROUSELES

Magistratu, fiskal, unibertsitateko irakasle, funtzionario publiko edo abokatu diren herritar espainiarren artetik izendatu beharko dira Konstituzio Auzitegiko kideak; denek ere gaitasun-sonaren jabe diren juristak izan beharko dute, hamabost urte baino gehiago daramatenak jardun profesionalean edo dagokien eginkizunean aktibo.

Konstituzio Auzitegiko magistratuak bederatzi urterako izendatuko dira, eta, hiru urterik behin, herenka aldatuko da Auzitegia. Ezingo da magistraturik proposatu berehalako beste aldi baterako, non eta karguan hiru urte baino gutxiago egona ez den.

Konstituzio Auzitegiko magistratu-karguarekin bateraezina da Herriaren Defendatzaile izatea; diputatu edo senatari izatea; Estatuko, autonomia-erkidegoetako, probintzietako edo beste toki-entitate batzuetako kargu politiko edo administratiboren bat izatea; karrera judizial edo fiskalari dagokion jurisdikzio edo jardueraren batean aritzea; edozein jurisdikzio-ordenatako auzitegi edo epaitegietan enpleguren bat izatea; alderdi politiko, sindikatu, elkarte, fundazio eta elkargo profesionaletako zuzendaritza-lanetan jardutea eta haien zerbitzuko enpleguren bat izatea, eta jarduera profesionaletan edo merkataritzan aritzea. Gainerakoan, Botere Judizialeko kideen bateraezintasun berak izango dituzte Konstituzio Auzitegiko kideek.

Konstituzio Auzitegiko magistratuek kargua uzteko arrazoi dira uko egitea, eta Auzitegiko lehendakariak ukoa onartzea; magistratu-aldia amaitzea; Botere Judizialeko kideen ezgaitasunerako aurreikusiriko arrazoiren bat gertatzea; kargua hartu ondoren bateraezintasuna gertatzea; karguari dagozkion betebeharrak prestutasunez betetzeari uztea; eginkizunak eskatzen duen diskrezioa haustea; doloagatik erantzule zibil deklaratua izatea edo dolozko delituagatik edo erru larriagatik kondenatua izatea.

Konstituzio Auzitegiko magistratutzari berezko zaizkion inpartzialtasun eta duintasun printzipioen arabera jardungo dute Konstituzio Auzitegiko magistratuek beren eginkizunean; ezin jazarriko zaie beren eginkizunean dihardutela adierazitako iritziengatik; mugiezinak izango dira, eta ezin kenduko dira kargutik, ez aldi baterako ahalgabetu, ez bada gorago aipatutako arrazoiren batengatik.