Konstituzio Auzitegiak badu aurrekontu-autonomia, eta bere aurrekontuak Estatuko Aurrekontu Orokorren gastu-egoeraren 04 sekzioa edo atala eratzen du. Konstituzio Auzitegiaren urriaren 3ko 2/1979 Lege Organikoaren 10.3 artikuluaren arabera (maiatzaren 24ko 6/2007 Lege Organikoak eman zion idazkerarekin), Auzitegiaren Osoko Bilkurak, konstituzio-organo den aldetik duen autonomiaz diharduelarik, bere aurrekontua lantzen du; aurrekontu hori atal bereizi moduan sartzen da Estatuko Aurrekontu Orokorren barruan. Beraz, Auzitegiko Osoko Bilkurak ekitaldi bakoitzeko aurrekontu-proiektua onartzen du, Estatuko Aurrekontu Orokorretan sar dadin, eta proiektua Gorte Nagusietara bidaltzen da onar dezaten, Ogasun eta Administrazio Publikoen Ministerioaren bitartez bidali ere.
Konstituzio Auzitegiaren aurrekontuaren exekuzioa idazkari nagusiari dagokio, pertsonal teknikoa lagun duela. Lehendakariaren zuzendaritzapean ariko da lantegi horretan, Osoko Bilkurak horretarako ezarriko dituen jarraibideekin bat etorrita. Era berean, idazkari nagusiari dagokio aurrekontuaren likidazioa egitea, Osoko Bilkurari jakinarazten baitzaio [KALO, 99.1.c) artikulua].
Konstituzio Auzitegiaren aurrekontuaren exekuzioan, eduki ekonomikoko proposamen guztiak ikuskatzen ditu Konstituzio Auzitegiko kontu-hartzaileak, zeina Auzitegiko Osoko Bilkurak izendatzen baitu, organo horri baitagokio desadostasunak ebaztea, halakorik planteatuz gero kontu-hartzailetzaren jardunean.
Konstituzio Auzitegiaren ekonomia- eta finantza-kudeaketa Kontu Auzitegiaren fiskalizazioaren mende dago, eta Konstituzio Auzitegiaren aurrekontuaren kudeaketa Estatuko Kontu Orokorrean islatzen da, Kontu Auzitegiari errendatzen baitzaio.